FAGOLLAGA – ZENTRAL HIDROELEKTRIKOA

Duela aste batzuk, Hernanira joan ginen Sortaldeko lagun batzuk, Fagollagako zentral hidroelektrikoa bisitatzera. Zentrala Urumearen ondoan dago, Ereinotzu auzoan. Han bertan, Goienerreko teknikaria den Santiago Ochoa de Eribek azalpen ugariak eman zizkigun, ederki asko eman ere.

Sortaldekoentzat garrantzizkoak dira bisita hauek, gaur egungo egoera gora-beheratsuan, ezinbestekoa delako ezagutzea energiak zein motatako kostua duen,  zenbateko eragina duen gure bizimoduan eta horrek guztiak nola eraldatzen duen gizartea, besteak beste.

Zer da energia hidroelektrikoa?

Energia hidroelektrikoak uraren energia potentziala (presa edo urtegi batean metatuta) edo energia zinetikoa (ibaien korronte edo jauzietan) aprobetxatzean datza. Funtzionamendu orokorra honela laburbil daiteke:

1. Urtegi edo presa batean pilatutako urak energia potentziala du.
2. Ura, presio-hodiz zehazturiko ibilbide batetik behera jaistean, energia zinetiko handia hartzen du.
3. Uraren indarrak turbina bat eragiten du.
4. Turbina sorgailu elektrikora konektatuta dago, eta horrek elektrizitatea sortzen du.

Pasabide motako zentrala (urtegi handirik gabea) ibaiko emari naturala aprobetxatzean oinarritzen da. Urtegi bidezko zentruetan, ura biltegiratu eta behar energetikoen arabera askatzen da.

Zertzelada historikoak

Has gaitezen historia zertzelada batzuekin. Zentralaren inguruan hainbat elementu arkitektoniko daude, aurreko jardunen ondorioz: Fagollaga Burdinola izan zen aurrena; gero, paper-fabrika bihurtu; porlan fabrika, tartean, eta zentral hidroelektrikoa, azkenik.

Azken aldiko zentralaren berritze eta abioa 1929koa da. Orduan sarrerako ur emaria handitu zen 4.500 l/s-ra iristeraino; horretarako presa berritu, ubidea luzatu eta irteerako ubidea egin zen. 1985etik aurrera zentrala Fagollaga, S.A. enpresarena da. Duela gutxi, 2018an, Nafarkoop kooperatibak erosi du, eta urtean 450.000 kW/h-ko ekoizpen-ahalmenarekin eutsi dio produkzioari.

Eraikinean sartu aurretik ibaiaz beste aldera egin eta ibaian gora joan ginen, urak ibaitik hartzen duen kanalaren hasierara: ibilbideak eta parajea zinez ederrak benetan. Dirudienez, Hernaniko hondartza omen da udamineko berotan.

Zentralaren  ezaugarriak

 Gaur egun kanala 320 metro luze da. Harri-hormaz egina eta zementuz berriztatua da. Hasieran, bertako presak bideratzen du ura kanaletik. Gainera, konporta batzuk ditu ur emaria erregulatzeko. Presaren pasabidea ahalbidetzeko izokinentzat  hormigoizko eskailera dago.

Eraikinaren ondoan, garbiketa saretoa dago bere eragite mekanismoarekin. Kanala bi zatitan banatuta dago ura turbinetara eramateko. Gaur egun batera erabiltzen dira, turbina bakarra dagoelako. Aukera izango lukete beste bat jartzeko. Turbina Francis motakoa da.

Nahiz eta diseinuan 250kW/h-koa izan turbinaren potentzia, normalean 100 kW/h-koa izaten da, gutxi gora-behera. Gaur egun Sortaldek martxan jarri nahi duen plaka fotovoltaikoen instalazio tamaina berekoa. Ikusten denez ez da ekoizpen handia. Argazkian ondo ikusten da turbinaren tamaina.

Ekoizpena

Goienerrentzat zentrala garrantzizkoa da ekoizpen sistema berriztagarria delako, batetik. Eta bestetik, energia horren inguruko ezagutza lortzen laguntzen dielako: zentralaren funtzionamendu egokiena zein den, zein garaitan den ekoizpena handiagoa, eta abar. Ezagutza hori erabilgarria da bai  haientzat, bai beraiekin lanean ari diren lanbide heziketako ikasleentzat.

Dena den, ekonomikoki ez da oso eraginkorra: lehen aipatu dugun ekoizpenerako, askoz behar handiagoak ditu turbina-sorgailu honek, instalazio fotovoltaikoak baino.

Energia honen kostua

Energia sorkuntzan -gure gizarteak horrenbeste behar duen horretan- dena ez da debaldeko. Ez dago energia guztiz garbirik. Eta hori ere azaldu digu Santik. Presak eta kanalak ibaiaren bizitza aldatu egiten dute. Horregatik gorde behar da ibaiaren emari ekologikoa (1200 l/s), eta horrexegatik ari da Gipuzkoako aldundia ibaietako presak kendu nahian.