BIZI BIZIZ: Bizikleta Martxa – Bidegorria Añorgatik Usurbilera

Sortaldek bizikleta martxa antolatu nahi du datorren azaroaren 14an, larunbataz, goizeko 11etan Usurbilen. Sortalde Usurbilgo energia-kooperatiba denez, energiaren kontsumo egokiaz arduratuta dago. Horrek eramaten du bizikleta erabilera sustatzera eta zabaltzera, eta horretarako bidean izan daitezkeen eragozpenen kontra borrokatzera.

Bizikleta garraio merke eta eraginkorra da. Are gehiago gaur egun elektrikoa ere erabil daitekeenean. Onura asko dauzkana: energia kontsumo txikia eta berriztagarria, gorputzaren osasunerako egokia, etabar. Eta kasu askotan beste garraio gehienak baino azkarragoa.

Hala ere, bere eragozpenak baditu. Eguraldi egoera zailetan arazotsua izan daiteke; euriak eta haizeak dexente nahas dezakete ibilaldiaren egoera, desatsegina egin arte eguneroko egoera arruntetan, lanera edo ikastera joan-etorrian gabiltzala. Horren aurrean ezer gutxi egin daiteke egoera hobetzeko. Baina badago beste eragozpen handi bat: bide egokiak ez izatea eta berorietan arriskua sortzea. Azken hau kezkagarria zaigu, eta uste dugu baduela konponketa.

Donostiatik Lasarterako bidegorria dago aspaldidanik, orain dela gutxi atondu berria. Jende asko erabiltzen du egunero, oinez edo bizikletan, garraio-bide oso egokia baita. Segurua da, bestelako trafikotik banandua. Eta zuzena: Lasartetik Donostiara buelta handirik eman gabe. Gora-behera handirk izan gabe. Hau da, erabilgarri eta praktikoa erabili nahi duenarentzat.

Izan zen bizikleta bideen plan sektorial bat onartua Batzar Nagusietan  2013an. Baina dena ez zen bete, eta bere horretan utzi zen. Usurbili 2. ibilbidea zegokion: Donostia-Mutriku. Baina Lasarteraino besterik ez da iristen. Horren lekuko Urbil parean Donostia-Mutriku bidegorria adierazten duen panela. Iragarri bai, baino ez dago.

Beste alde batetik proposatzen zen bidea ez zen zuzena, Zubietatik ematen zuen buelta. Hau ez da gure ustez onargarria. Bideak zuzenak izan behar dute, garraiorako egokiak, eta ez turismorako pentsatuak.

Hauxe da, beraz, Aldundiari eskatzen dioguna: bidegorri segurua eta zuzena Añorgatik Usurbil erdialderaino. Lehen aurreikusia baldin bazegoen,  ez dugu uste  gurea eskari burugabea denik.

Horretarako deitzen dugu bizikleta martxara azaroaren 14an, goizeko 11etan Usurbilgo plazatik, Zubietan barrena joateko Añorgaraino, han N634 errepidean sartu eta Usurbilgo plazara bueltatzeko.

> BIZI BIZIZ: WhatsApp kanala

> Instagram kontua